Mundu osoko iraniar unibertsitario, idazle, artista, kazetari eta Giza Eskubideen aldeko ekintzaileek Iraneko Bahá’í Elkarteari idatziriko

 

“Gutun irekia”

 

Gutun hau hainbat iraniar intelektual musulmanek sinatu dute, horietako zenbaiten izenen zerrenda idazkiaren beheko aldean ikus dezakezu.

 

Aurrerantzean beste hainbatek sinatuko dutelakoan gaude.

_______________________

 

Lotsa-lotsa eginda gaude!

Mende eta erdi zapalkuntza eta isiltasuna pairatzen,

aski da!

 

Ontasun eta Edertasunaren izenean, Askatasunaren eta Giza Balioen izenean!

 

Gizon-emakume iraniarrak garen aldetik, lotsatuta gaude IRANek azken 150 urteetan zuen kontra, Bahá’íen kontra, egin duenarengatik.

 

Zinez uste dugu iraniar guztiek “edozein dela haien arraza, larru-kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, politikako edo bestelako iritzia” eta “edozein dela haien sorterria edo gizarteko jatorria, ekonomi maila, jaiotza edo beste edozein gorabehera dela” eskubidea dutela Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean azaltzen diren eskubide eta askatasun guztiez gozatzeko. Aitzitik, Bahá’í Fedea sortu zenetik gaurdaino, Iraneko Bahá’íei eskubide gehienak ukatu egin dizkiete beren sinesmen erlijiosoengatik!

 

Agiri historikoek agerian uzten dutenez, Bábí mugimendua --eta haren ondorioz Bahá’í Fedea-- sortu zenetik, Iranen milaka pertsona erail dituzte beren sinesmen erlijiosoarengatik, fanatismoaren eta aurreiritzien biktima. Erlijio horren lehen hamarkadetan soilik, hogei mila jarraitzaile inguru erail zituzten Iraneko zenbait hiritan.

 

Lotsa-lotsa eginda gaude garai hartan inork ez zuelako ahotsa altxatu hilketa basati haien aurka!

 

Lotsa-lotsa eginda gaude gaur arte altxatu diren ahots bakanak gutxi izateaz gain motelak izan direla ikusita!

 

Lotsa-lotsa eginda gaude  Bahá’í Fedearen historiako lehen hamarkadetan bahá’íek egundoko zapalkuntza pairatu izanaz gain, gure herrikide horiek XX. mendean zehar etengabeki errepresio gertaerak jasan behar izan dituztelako: haien negozioak eta etxeak erre dituzte, haien bizitzak, jabegoak eta familiak jazarpen ikaragarria nozitu dute. Eta, bitartean, Iraneko komunitate intelektuala isilik zegoen.

 

Lotsa-lotsa eginda gaude azken hogeita hamar urteotan Bahá’íak erailtzen zituzten bitartean lekuko pasiboak izan garelako; beren sinesmen erlijiosoengatik legalki 200 bahá’ítik gora erail dituztelarik.     

 

Lotsa-lotsa eginda gaude intelektual talde batek Iraneko bahá’í elkartearen aurkako bortxa justifikatu izanagatik.

 

Lotsa-lotsa eginda gaude bizitza osoa Iranen zerbitzura lan egin ondoren bahá’íei erretiro-pentsioa izateko eskubidea ukatzen zaiela ikusita isilik gelditu garelako.  

 

Lotsa-lotsa eginda gaude milaka bahá’í gazteri, beren erlijioarekiko leial jokatuz zintzoki beren sinesmenak adierazteagatik, hezkuntzarako, batez ere Iraneko goi mailako hezkuntzarako,  sarbidea ukatzen zaiela ikusita isilik gelditu garelako.

 

 Lotsa-lotsa eginda gaude gurasoen sinesmen erlijiosoengatik haur bahá’íen aurka, eskoletan denen aurrean, gezur beltzak  erabiltzen direlako.

 

Lotsa-lotsa eginda gaude gure herriko errealitate mingarria ikusita isilik gelditu garelako, bahá’íak etengabe zapaldu eta difamatu dituztenean, beren sinesmen erlijiosoengatik atxilotu dituztenean, etxeak eta negozioak hondatu eta hilerriak profanatu dizkietenean.

 

Lotsa-lotsa eginda gaude isilik egon garelako gure lege-sistemaren historia ilun, luze eta  ankerrari  aurre eman beharrean, lege horiek bahá’íak baztertu eta haien eskubide guztiak ukatu dituztelarik; baita gobernu-organo ofizialek eta ez ofizialek gure herrikide horiek bidegabeki xaxatu dituztenean ere.

 

Lotsa-lotsa eginda gaude bidegabekeria eta eskubide-urratze horiengatik, lotsa-lotsa eginda horren guztiaren aurrean isilik egon garelako.

 

Behean sinatzen dugunok barkamena eskatzen dizuegu bahá’íei zuen aurka egindako bidegabekeria guztiengatik.

 

Ez gara behin ere isilik egongo zuen ateetan bidegabekeriak jotzen duenean.

 

Zuekin egongo gara Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean islatutako eskubide guztiak zuenganatzen dituzuen arte.

 

Bat eginda gorrotoa eta ezjakintasuna maitasun eta tolerantzia bilaka ditzagun

 

2009ko otsailaren 3

Last Change: 16.02.2009, 14:35